martes, 15 de enero de 2008

Bilboko Aste Nagusia


Giza komunitateek Denbora festez janzten dute, bizitzaren bidean argiak balira bezala erabiliz. Egunak gozatzeko jaiak, itxurak mozorrotzeko festak, musikaren doinuan dantza egin eta alaitasunez janzteko festak ditugu. Nahigabeak busti eta zorigaitzak lehortu egiten dira; eta urtean zehar izandako liskerrak ahazteko jan, edan, abestu eta dantzatu egiten ditugu. Honela, dena berriro hasi dela uste dugu, betiereko berretorrera, filosofoak esango lukeen bezala. Bilbotar eta donostiarrak, abuztuko lehen astean zehar Gasteizeraino hurbiltzen dira, Ama Birjina Zuriaren jaiak ospatzeko. Jarraian, hauek, gasteiztarrak, bilbotarrekin elkartzen dira Donostiako Aste Nagusian. Eta atzetik Bilboko Aste Nagusia dator: tiroar eta troiatar, monteskotar eta kapuletotar, giletar eta negretetar; guztiak parrandazaleekin elkartzen dira festa emanaldiak Bilbon ospatzeko. Mari Jaia behatzaile duten jaiak ditugu hauek, kalimotxotan murgiltzen den herria zaintzen duen sorgin lizuna eta emakumezko jainko barkatzailea. Aste Nagusiak hamaika aurpegi duela agertu beharrean gaude: txozna, berbena eta antzekoetan parrandaz janzten direnak batzuk, kultura musikalez jantziak besteak, antzerki giroko hainbat edota zezenzaleen gozamenerako bestelakoak ere. Urtean zehar aste betez, Bilbo, Sodoma eta Gomorra bihurtuta iluntzen da egunsentiko lehen argi izpiekin Sibaris baten distira berreskuratuz. Ortega y Gasset-ek euskaldunak miresten zituen, hauek "divina organizacion para la taciturnidad" zutela uste zuen. Unamunok, bere lagunak, Bilboko Aste Nagusira gonbidatu izan balu ez zukeen inoiz horrelakorik esango. Alderantzizkoa behar bada: Arenalean jai giro izugarria usaintzen da, eta haren inguruak, aste betez, kateak puskatzen dakien herri baten isla bihurtzen dira. Izatearen nahigabearen kateak puskatu, egunerokotasunetik ihes egin eta utzikeria osasuntsu eta gozagarri baten eskuetan jartzen dakien herria. Finantza jarduera eta jarduera kulturalak dituen Bilbo, industrigune eta ospetsua den Bilbo, Aste Nagusian izerdi patsez eta alaitasunez lehertzen da udako eguzkipean. Begoñaren ohorez ospatzen den erromeriaren lekuko itzultzen da; herrigune osoa landa-lur eta landa-lurrak herrigune bilakatzen dira aste honetan. Bizkaitar guztiak, aste betez, Marijaia bezala sentitzen dira.

No hay comentarios: