martes, 15 de enero de 2008

Bermeoko Teila Jaia eta Elantxobeko Madalenak



Bermeoko kaitik itsasoaren barnean ikusten da
Izaroko Irla.


Teilaren erritoa: Aintzina, Izaro gorroto-lekua izan zen eta orain Mundakan agertzen diren herrietako festa lokailua da Madalenako Ama Birjinari bere egunean eskaintzen zaion errito xelebre bati esker. Izarok dituen hirurehun pausoak nahikoa dira sentimendu ondare izan daitezen urteroko uztailaren 22an. Egun horretan irlako haitzetatik sinbolikoki teila bat jaurtitzen da.


Irlaren historia: Andra Mariari eskainitako baseliza txiki bat izan zen bertako zibilizazio aztarnen aintzindaria. "Ermita hau Bermeoko marinel eta kostaldeko beste batzuen errukiak, hango udalbatzaren laguntzekin sostengatzen zuten. Bertara laguntza eta babes bila joaten ziren Jainkoaren Amarengana, itsasoko arrisku ugarien aurrean laguntza eskatzeko. Gerora frantziskotarren komentu bihurtu zen Izaroko Asn Frantzisko deitura hartuz. Hona hemen, bada, galeoi mistiko baten antzera itsaso gainean eraikitako komentua, burdinezko gurutzea eta kanpai-horma baino ez dituena masta eta oihalen ordain. Fraideak isolatuta geratzen ziren bertan naturako elementuak indarra hartzen zutenean. Bertako historiagile den Fr. Pedro Anasagastik idatzi du, estuasun uneetan fraideek lurreko biztanleei, irlako gailurrean ikurrina ezarriz, eskatzen zietela laguntza. Frantziskotarrek 1422an hartu zuten egoitza han eta 1463an, Gaztelako Enrike erregeak lur zati hau oparitu zien eragozpenik gabe bizi zitezen. Geroztik, espainiar errege desberdinen babesa izan zuten: Fernando Katolikoa 1476an izan zen bertan, bere emaztea, Isabel, 1483an, 254 eskailera-maila eraikiaraziz; Felipe II.na ere errukior agertu zen. Honela, eskaintzen zuten laguntza eskertzen zitzaien, hala nola itsasgizonen alde otoi eginez, eota itsas labarretan untziak hondoa jo ez zezaten jartzen zituzten argien laguntza eskertuz. Piratak ez ziren hain errukiorrak izaten, instant batean hartzen zuten irla menpean. Batzuk diotenez Francis Drake bera, Ingalaterrako koroaren kortsarioa, Izaron lurreratu zen eta 1596. urtean pirata talde batek komentuko ondasunak hartu zituen: "komentua erre zuten, logelak, ordenazioa, jangela, sukaldea, sotoa; barruan zegoena atera ondoren. Hala eta guztiz ere, eliza eta klaustroa ez zituen suak hartu, horretarako bolbora asko erabili bazuten ere. Irudiei labainkada anitz eman zizkieten; fraideak iraindu zituzten eta artxiboa suntsitu zuten. Baina biktimen kontsolamendurako, oraindik piraten untzia begibistan zutenean, urperatu egin zen "haietariko inor ere bizirik atera gabe, gazte bat baino ez, zigorraren albistea zabaltzeko". 1719. urtean, erlijiotsuek Izaro utzi eta Forua-ra joan ziren. Haren lekuan, baseliza berria eraiki zuten Madalena Andra Mariaren izenean. Lehenaren aztarnak ikus daitezke oraindik. Eta Andra Maria honen omenez, uztailaren 22an Teilaren jaia ospatzen dute. Gertakizun historiko bat ospatzen dela diote; fraideek behin irla utzi ondoren, Bermeo eta Mundakakoen artean eztabaida piztu zen; ea nori ote zegozkion Izaro irlako jabetza eskubideak, bietatik distantzia berdinera egonik. Konpontzeko asmoz, ondorengo lehia bota zioten elkarri: bakoitzak bere kaitik traineru bat bidaliko zuen eta lehenengo iristen zenak eramango zuen irlaren jabegoa. Elantxobe epaile lanak egiteko eskaini zen. Zorigaitzak ordea, lehia lausotu zuen. Bermeotar arraunlari bat itota hil egin zen. Tristeziak jota, Mundakakoek lehia utzi zuten eta beraien kideei eskaini zieten irla. 1719ko uztailaren 22a zen. Hauxe izango genuke Madalena Andra Mariaren erromeriaren jatorria eta Izaro irlan egiten den teila urperaketak suposatzen duena. Eguna Santa Eufemian ospatzen den elizkizunarekin hasten da, urdinez jantzitako erromesak kaian untziratu baina piska bat lehenago. Untziak edonolakoak izaten dira, uraren gainean mantentzen den edozer. Honela abiatzen dute ibilbide alaia. Teila bota ondoren, Madalenaren Martxa jotzen da eta ardoa eta pintxoak eskuz esku hasten dira. Bitartean, bermeotar korporatiboak akta sinatzen du. Honela dio: "Oñagiko zabaltzen dira Bermeko itxugiñak". Guztiak Elantxobe aldera jotzen dute eta Mundakan bazkaldu, honela udal bakoitzean izenpetzen da idatzia. Dokumentu honek, urtero eguneratzen du bermeotarren aldeko jabego eskubidea. Itsas erromeria amaitzeko Bermeo, Elantxobe eta Mundakako untzi guztiak hiribilduan elkartzen dira. Bertan milaka pertsona dituzte zain, zaporez, kolorez eta berotasunez betetako jai eguna elkar banatzeko.

No hay comentarios: