Santa Ageda edo Agate Deunaren (otsailaren 5ean) aintzindari. Azken hau emakumezkoen bularretako gaitzen alde gurtzen da, eta halaber amaberrien bularretan esnerik ez dagoenean. Bizkaiko zazpi herritan gorazartzen dute Santa Ageda, honen izeneko ermitak dituzten herriak hain zuzen ere: Ea, Dima, Izurtza, Gordexola, Abadiño, Karrantza eta Garape; azken hiruetako tenpluak jada desagertuak daude.
Santa Ageda bezpera gazteriarentzat egun handia da, eskean ateratzen dira, abestiekin neguko giro hotza epelduz. Derrigorrezkoa da otsailaren 4ko gauean musika entzutea, herri askotan sakristau, akolito eta gazteei ordaindu edota ardo zahato bat oparitzen zitzaien egunsentian kanpai hots alaia entzuteko.
Santa Ageda koruak haur eta helduz, emakumezko zein gizonezkoz osatuak, bizilagunen ongintza beharrak asetzeko, meriendatzeko edota ondo baino ez pasatzeko, eskean ibiltzen dira.
Baserritarrez janzten dira, gizasemeek mila lerrotako galtzak, alkandora zuria, brusa eta txapela beltza daramate; emakumezkoek, berriz, soineko luze eta iluna, eta buruzapia; guztiek daramatzate artilezko galtzerdiak eta abarkak, eta eskuetan, baserriz-baserri ibiltzen lagunduko dien makilari eusten diote. Azken elementu honen funtsezko zeregina, doinuaren erritmoa ezartzea da.
Antzinako garaietan taldean koplari baten laguntza izatea zen arruntena. Leloen artean hainbat estrofa abesten zituen, bapatean botatakoak eta betiere jasotako eskupekoaren araberako kalitatea zutenak; ordaintzen zuena nagusia edo etxekoandrea, apaiza edo alkatea izateak ere bazuen eragina.
Santa Agedari eskainitako abesti multzoa aberatsa da, errito honen jarraitzaile diren leku eta garaiak adinakoa. Hala ere, bitxia da azkenaldiko joera. Azken hamarkadetan, euskara indartzeko kitzika iturri bihurtu da ohitura zahar hau, baita euskalduntze maila txikiko lurraldeetan ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario